Non gaude?

       Segura Gipuzkoako hegoaldean dago, Goierriko eskualdearen barruan. Bere azalera 16,2 kilometro koadrokoa da. Segurako udalerriak egun 1.300 biztanle inguru ditu.

       Iparralderantz Donostia 50 km.ra dago, hegoalderantz Nafarroako muga 17 km.ra, eta Araba,berriz, 27 km.ra. Aizkorri mendizerrak, bere 1.544 metrorekin, egiten du Arabarekiko banaketa.

       Segura malkor baten gainean berreraiki zen, harresiz inguratuta, erasoetatik eta gaizkileetatik babesteko helburuarekin. Alfonso X.ak 1.256an SEGURA izenez bataiatu zuen; eta halaxe da, segurtasun handiko hiria. Gaztelatik Frantziara San Adriango pasabidetik barrena joaten zirenentzat ezinbestekoa zen Segura zeharkatzea; horrek ekarri zuen garai batean Segura hiri garrantzitsua bilakatzea.

       Segura multzo historiko artistiko izendatuta dago eta izaera eta maila hori dauka. Hortaz, Segurako hirigunea eta bertako eraikinen ondarea babestuta daude.

       Aizkorri eta Txindoki mendiak gailentzen dira besteen aldean, baina horietara ez ezik txango ikusgarriak egin daitezke inguruan dauden beste mendi batzuetara ere: Edare (585 m.), Aitz-Leor (728 m.) eta Mariñamendi (783 m.).

    

eliza.jpg (67785 bytes)      zeraingoatea1.jpg (29408 bytes)     perratokia1.jpg (66711 bytes)