Txantxa-jolasak

BIZARGORRI

            Gela iluntzen saiatzen gara misterio giroa sortzen ahaleginduz. Ondoren, haur bat aukeratu eta begiak zapi batez estaltzen zaizkio. Jolasaren gidariak, Bizargorri itsaslapur maltzurraren istorioa kontatuko du eta behin egin zuten abordaia azaldu. Beste itsasontziko kapitainari heldu eta nolakoak egin zizkion kontatzen joango da. Gidariak Bizargorrirena egingo du eta haurra, beste itsasontziko kapitaina izango da. Bizargorri beste kapitaina torturatzen joango da eta benetan arituko balitz bezalako (minik egin gabe) keinuak egingo dizkio. Bitartean, zer egiteen ari zaion esango du. Lehenengo, bere hatza laban moduan erabiliz, eskuak moztuko dizkio, gero hankak eta abar. Hau guztia egiterakoan beldurrezko giroa sortzen saiatuko da. Beste guztiak egin ondoren, kapitainak gehiago ezin etsi eta amorru biziz, Bizargorriri hatza begian sartu ziola azalduko du eta, aldi berean, haurraren hatza hartu eta ogi zati busti batean do tomate baten barruan sartuko dio. Orduan, haurrak oihu egin beharko du. Taldeko besteak ikusleak izango dira

Aldaera: Batzuk, begian sartu ordez ipurtzuloan sartzen dion itxura egiten dute.

Oharra: Jolas hau bi edo hiru aldiz errepika daiteke. Kontalarien garrantzia izugarria da, entzulea istorioan sarrarazi behar du, giro egokia bilatu...

 

DENDA ASMATZEN

            Haur guztiak borobil batean esertzen dira. Boluntario bat gelatik kanpora gelditzen da. Barruan daudenek denda mota bat aukeratzen dute eta ondoren bakoitzak denda horretan dagoen gauza bat aukeratzen du. Jarraian, kanpoan dagoena barrura sartu eta borobil erdian esertzen da. Orduan bakoitzak aukeratu duen gauzaren izena esaten du (denek batera) eta kanpoan egon denak, zer denda mota izan den asmatu behar izaten du. Produktuen izenak batera ematen zaizkionez, ezin asmaturik ibiltzen da. Asmatzen ez badu, aldez aurretik pentsatutako proba bat egin behar izaten du.

 

ELEFANTEA

            Ikasleetako bat gelatik kanpora ateratzen da (horretarako prest dagoen bat baldin bada, hobe), besteei jolasa nola den azaltzen zaien bitartean. Beste hiru pertsona aukeratzen dira. Hauetariko bik elefante itxura hartzen dute eta besteak pizti hezitzailearena (azkeneko hau monitoreetako bat ere izan daiteke). Elefantea osatzen duten ikasleak manta batez estaltzen dira. Bata elefantearen atzealdea eta bestea aurrealdea izaten dira. Aurreko aldekoak besoa erabiltzen du tronpa modura. Kanpoan zegoen ikaslea barrura sartzen denean, pizti hezitzaileak zirkoan dagoela azaltzen dio eta elefante bat dutela; eta zein azkarra den adierazteko hanka bat aulki baten gainera jasotzeko eskatzen dio elefanteari. Ondoren, beste ekintza zailago batekin probatzen dute; ikasleari lurrean jartzeko esaten zaio eta elefantea gainetik pasako zaiola, eta horrela egiten dute. Ondoren, oraindik zailago egin nahian, errepikatu egiten dute, baina azpian dagoen ikasleari begiak zapi batez estali behar zaizkio. Une horretan, elefantearen atzealdea osatzen duen ikasleari edalontzi bat ematen zaio ur pixka batekin eta ikaslearen gainetik pasatzerakoan ura gainera botatzen dio elefanteak txiza egin izan balio bezala. Begira dauden ikasleek, elefantea zerbait egitera doan bakoitzean, danborra jotzen ari balira bezala egin dezakete, emozio handiagoa emanez.

 

ERLOJUAK

            Prest dagoen ikasle bat aukeratzen da jolasean parte hartzeko. Ondoren, erlojua duten ikasleei eskatu egiten zaie eta gelan zehar, lurrean sakabanatuta, jartzen dira erloju guztiak. Aukeratutako ikaslea gelako alde batean jartzen da eta bere aurrean bi aulki eta hauen gainean erratz bat. Ikasleari zer egin behar duen azaltzen zaio. Hasteko, erratzaren gainetik pasa eta gelako beste aldera iritsi behar du erlojuak zapaldu gabe. Baina hau oso erraza denez, zailagoa izateko, begiak itxita egin behar izaten du ondoren. Horretarako, lehenengo, begiak irekita dituela, bi edo hiru aldiz egiten du ibilbidea ondo ikasteko. Prest dagoenean, begiak estaltzen zaizkio eta oinetakoak kentzeko esan, erlojuren bat zapalduz gero hondatu ez dezan, Ibilbidea egiteko prestatu eta erratzaren gainetik pasatzeko prest dagoenean, hanka jasotzen duenean, beste aldean urez betetako palankana jartzen zaio eta hanka bertan sartzen du busti-busti eginez.

Aldaera: Jolas honen bukaera alda daiteke. Ura jarri ordez, erloju guztiak jaso eta ibilbidea eginarazten zaio. Bera beldur handiz mugitzen da erlojuren bat zapaltzeko beldurrez eta gelan dauden guztiek “eskuinera”, “ezkerrera”, edo “kontuz” esaten diote, benetan erlojuak baleude bezala.

Oharra: Palankana jartzerakoan, kontu izan behar da benetan bere hanka parean jartzeko; palankana mugitzen bada, kontu handiz egin, bestela, uraren hotsa entzungo baitu.

              

 

INOZO SUDURLUZEA

            Ikasleak bikoteko jarriko ditugu. Lehenengo bikotea banatu egingo dugu: partaide bakoitza aurrez aurre dauden hormen ondoan kokatzen dugu. Gela ongi aztertzeko esango diegu, oinez eta begiak estalita elkartzea izango baitute eginkizun. Orduan, bi eskuak burla egiteko keinuak egiteko moduan jar ditzatela esango diegu; hau da, atzamar lodia sudurrean eta eskua zabal zabalik eta beste eskua segidan. Begiak estali eta bi minuturen buruan elkartu behar dute puntako atzamar txikiek elkar ukitzen dutelarik. Honetarako, beste ikasleek hitzez lagunduko diote bikoteari. Hau egin ondoren, bigarren bikotea hasiko da;K baina hasi bezain laster, bikotearen partaide bat kendu egingo da, bestea konturatu gabe. Hortaz, bakarrik jardungo du, Besteek animatu egongo dute (hori!, horixe!, hortxe!, ezkerretara ez!, atzera!) kontura ez dadin.

 

MANTARENA

            Taldeko ikasletako bat aukeratzen  da. Bere gogoz agertzen bada, hobe. Kanpora ateratzen da eta bitartean besteei jolasa azaltzen zaie. Kanpoan dagoen ikaslea barrura sarrarazten dugu eta lurrean etzanda jartzeko esaten diogu, manta batez estalita. Orduan berak soinean duen zerbait pentsatu dugula eta zer den asmatu behar duela esaten zaio; pentsatuta daukaguna manta da. Asmatzen badu, bukatu egiten da jolasa, baina zerbait esan eta asmatzen ez badu, esan duen hori erantzi egin behar izaten du. Gehienetan, manta ez zaie bururatzen eta azpien erdi biluzik gelditzen dira.

Aldaera: Kasu batzuetan, do jolas ezagutzen badute, egokia da mantaren ordez eta noizik behin beste arroparen bat pentsatzea.

Oharra: Bi edo hiru aldiz egiteko jolas egokia da. Horretarako, bakarra kanpora bidali ordez, hiru edo lau ume bidaltzen ditugu.

                

MOMIA

            Jolasa prestatzen dugun artean ikasleetako bat kanpora bidaltzen da. Ondoren momia itxurak egingo dituena lurrean etzanda jartzen da besoak luzatuta eta eskuetan oinetakoak jarrita (hankak balira bezala). Oinen gainean baloi bat jartzen zaio burutzat eta gero manta batez osorik estaltzen da. Gela iluntzea ere egokia da misterio kutsua emateko. Kalean dagoen ikaslea barrura sartzen denean, Egiptoko momia zahar bat aurkitu dugula azaltzen dio jolas gidariak. Momia hau oso berezia da, asko daki eta berak dakiena adieraz dezake galderak egiten bazaizkio. Buruarekin (hankartean duen baloi gora eta behera edo ezker-eskuinera mugituz) bai edo ez erantzuten du. Orduan ikaslea momiaren sabel gainean eserarazten da, berak uste duen buruari(baloiari) begira eta galderak egiten hasten da. Denak isil-isilik egoten dira, hiru edo lau galdera egin ondoren, bat-batean momiak bere benetako burua eta besoak jaso eta, atzetik, susto handi bat ematen dio.

Oharra: Ondo ateratzeko garrantzi handia du giro egokia lortzeak. Isiltasuna eta iluntasuna oso aproposak dira. Jolas gidariak, azaltzerakoan, lagundu dezake giro hau lortzen. Jolas gidaria irakaslea edo ume bat izan daiteke.

        

POLIZIA ETA LAPURRA

            Jokalari bat, begiak estalirik, mahai baten inguruan jarriko dira eskuak mahai gainean dituztela. Bata polizia eta beste lapurra izango direla esango zaie, eta jakina, lapurrak poliziari ihes egin beharko dio. Jokoan dagoen arau bakarra hauxe da: eskuak beti mahai gainean eduki behar dira. Zera da kontua: jokalari biei, belarrira, lapurrak direla esatea. Biak elkarri ihes egiten saiatuko dira taldearen barre algara sortuz.

Aldaera: Jokoa, mahairik gabe, ikasgelan zehar ere egin daiteke.

 

TXILIBITUA NON OTE DAGO?

            Talde osoa borobil batean jartzen da eserita. Ikasle bat kanpora bidaltzen da. Gidariak, atzealdean, gerrian soka batetik zintzilik, txilibitua jartzen du. Ikaslea, gelan sartzen denean, txilibitua borobil hartako nork duen asmatu behar duela esaten zaio eta horretarako, pista modura, noizik eta behin norbaitek txilibitua joko duela. Hasten dira beste guztiak txilibitua pasatzen arituko balira bezala eta gidaria borobilean zehar ibiltzen da, parean egokitzen denak txilibitua jotzen duelarik. Gidariak duela asmatzen duenean bukatzen da jolasa.

 

Romeo eta Julieta

Materiala: Zapi bi.

Gelan ikasle guztiak elkartu ondoren, hiru edo lau bikote aukeratzen dira (neska eta mutila ahal izan ezkero). Gelatik ateratzen ditugu. Gelako aulki eta mahaiak baztertu ondoren, taldeko beste jokalari guztiak gelatik zutik geratzen dira. Lehen bikotea begiak estalirik sartzen dira eta desorientatzeko buelta batzuk eman ondoren, bata bestea deituz elkar aurkitu behar dute : ROMEO ! !,  JULIETA ! ! ! Bitartean zutik gelditu diren guztiak, isiltasun osoan, elkartu ez daitezen oztopo izan behar dira oinekin zarata eginez soilik.

Elkartu ondoren, beste bikote bat sartzen da.

Maitasunaren trena

Hiru edo lau neska-mutil kanpora bidali eta besteei jolasa azaldu. Kanpoan daudenetariko bat sarrarazi eta gu maitasunaren trena garela adieraziko diogu. Horretarako, jolas gidariak eta beste bik tren bat osatzen dute eta bata bestearen atzean jarri eta aurrekoari sorbaldatik helduz, gelan zehar biraka hasi triki-traka eginez. Halako batean, tren geltoki batera iritsiko da eta fiuuu egingo du. Orduan gelditu eta, aurretik hasita, taldeko batek atzekoari bi musu emango dizkio. Hau ikusi ondoren, kanpotik sartu dena tren horretara gonbidatzen da eta berriz hasten da bidaia. Geltokira iristean lehen bezala musuka hasi, baina azken aurrekoak, atzekoari musu ematera doanean, musuaren ordez belarrondokoa emango dio. Ondoren, berdin jokatu kalean dauden besteekin.

Safaria

Safari bat egiteko sei, zazpi edo zortzi pertsona aukeratzen dira. Aukeratutakoak borobil bat egiten dute besoak bata bestearen sorbalda gainetik jarriz elkarri lotuta. Orduan zuzendaria hasten da Safari bat egingo dugu : nik bakoitzari belarrira animalia baten izena esango diot eta safarian animalia hori esaten dudanean, izen hori duenak beherantz indarka hasi behar du ipurdiaz lurra ukitu arte. Besteek ez diote utzi behar. Bost kontatu orduko ukitu ez badu, borobilean jarraitzen du eta ukituz gero, libratu egiten da. Zuzendariak guztiei izen bera esaten die, bat edo biri izan ezik eta safaria kontatzen hasten da .... Behin batean, safari batean nenbilela, eskopeta hartu eta mendira joan nintzen. Halako batean, TIGREA ikusi nuen (tigrea ipurdiaz lurra ukitzen saiatzen da). Gero aurrerago nindoala, LEHOIAk egin zidan salto gainera (lehoia ipurdiaz lurra ukitzen saiatzen da). Handik atera nintzenean, ibiliz ibilian lautada handi batera iritsi nintzen eta han ELEFANTEA pila bat ikusi nuen ! Denak batera lurra ukitzen saiatzen direnez, ipurdiko ederrak hartzen dituzte.