

Barria Araba ipar-ekialdean dago, Ozaeta eta Zalduondo herrien arteko erdibidean, Ulibarriko urtegitik gertu eta Gasteiztik 24 kilometrora. Bertara iristeko, Gasteiztik Donostia alderako norabidean, N-1 utzi eta Ozaetako irteeratik abiatuta Maturana, Ozaeta, Hermua eta Aspuru herriak pasatu behar dira.
Barria abeltzaintza giroko herri txikia eta lasaia da, hamahiru biztanle baino ez dituena. Herria inguratzen duten mendiak mila metrotik gorakoak dira, Urkilla eta Elgea dira hango mendikate nagusiak. Barriatik gorako maldetan hainbat zuhaitz mota hazten dira, basati: pagoak, pinuak, arteak, ametzak...
Hango basoetan basurdeak, orkatzak, erbiak, azkonarrak eta hainbat ugaztun txiki bizi dira; handik gertu dauden urtegien inguruan, berriz, hegazti handiak: ubarroiak, zikoinak, lertxunak eta ahateak. Euskal Herriko bi isurialdeen (Kantauri eta Mediterraneoa) arteko mugaren azpian aurkitzen da Barria, Barrundia ibaiaren ondoan eta izen bereko bailararen barruan.
Bailara honek aukera ederrak eskaintzen ditu ibilaldiak egiteko, bizikletaz eta oinez. Bisita interesgarriak egiteko ere hainbat toki daude: Lizarragatarren jauregia (El Bolo izenekoa), Gebarako gaztelua eta jauregia, Zalduondoko museoa, Aizkorripeko San Adrian tunela eta Agurain herria, besteak beste.
Barriako barnetegia hartzen duen aterpetxea bera ere monasterioa izan zen garai batean, XII. mendean zistertarrek eraikia, eta historikoki garrantzi estrategiko handia izan duen bidegurutzean kokatua. Aterpetxeak jolas leku ederrak ditu bertaratzen diren neska-mutilek erabiltzeko, baita igerilekua ere. Udako garaian besterik ez dago irekita.
![]() |
| Klik egin argazkietan haundiak ikusteko |
|
Mapa handiagoa ikusi |