Zapi-jolasak
ARTALDEA ETA OTSOA
Talde osoak, batek izan ezik, kate bat osatzen du. Taldea artaldea izango da eta libre geratzen dena otsoa. Bai otsoak bai artaldeko azkenak zapi bana eramango dute atzetik eskegita. Artaldeko lehena artzaina da eta berak bakarrik hel diezaioke otsoari buztanetik. Otsoa artaldeko azkenekoari buztana kentzen saiatuko du.
Aldaera: “Herensugea”. Talde bat izan beharrean, bi talde osatuko dira bata bestearen kontra. Taldeko lehena burua izango d.”
Oharra: Katea apurtzen bada, ezin izango diote besteari buztana kendu. Herensugearen buruak bakarrik hel diezaioke buztanari.
ARTZAINA ARTALDE ITSUA BILTZEN
Ikasleak talde desberdinetan banatzen dira. Talde bakoitzean artzain bat eta ardian izendatzen dituzte. Artzaina leku jakin batean egoten da mugitu gabe. Ardien begiak estalita dauzkate eta zelai batean sakabanatuta daude. Zelaiaren gune batean borobil bat egiten da soka batez. Borobila erabat itxi gabe dago, sarrera bat dauka. Artzainak ardi guztiak bildu behar ditu borobil horretara aginduak emanez. Ardiek, ikusten ez dutenez aurrera, atzera, eskuinera edo ezkerrera mugitu behar dute artzainaren aginduen arabera. Talde bakoitzeko artzainak zenbat denbora behar duen kronometratzen da eta denbora gutxien behar duena izate da irabazlea.
Aldaera: Ardiak, begiak estalita, hesi barruan daude. Artzainak, aginduak emanez, ardiak hesitik atera eta berriro sartu behar ditu, denbora jakin batean (haurren adina eta tokiaren arabera zehaztuko da denbora)
Oharra: Hesia soka edo lurrean marraztutako borobil bat izan daiteke; ardi batek marra zapaltzen duen bakoitzeko, penalizazioa jar daiteke.
BANDERA
Umeak bi taldetan banatzen dira; bat bandera lapurtzen saiatuko da eta bestea babesten. Zelaia markatzen da eta bandera, mutur batetik bestetik baino gertuago kokatzen da. Babesle taldea, banderatik gertuen dagoen zelai muturrean jartzen da eta lapur taldea zelaiaren beste muturrean. Talde bakoitzak dagokion muturrean segurtasun gune bat izango du. Lapur taldeak kapitain bat izendatzen du. Honek, babesleak ukituz, kanporatu egin ditzake, baina bera ezin da kanporatua izan eta ezin du banderarik lapurtu; beste taldekideek bai ordea. Babesleek, lapurra segurtasun gunetik kanpo ukituz gero, kanporatu ditzakete. Lapurrek bandera beraien segurtasun gunera eramatea lortu behar dute eta, bitartean, babesleak lapurrak kanporatzen saiatzen dira. Bandera lapurtzea lortzen dutenean edota lapur guztiak kanporatuak izaten direnean amaitzen da jokoa. Jarraitzeko, bi taldeek beren zereginak trukatzen dituzte.