Uztai-jolasak
AUTOBUSA
Haur hainbat uztai jartzen ditugu lurrean eta denak bertan autobus bateko bidaiariak balira bezala. Haur bat txofer jartzen da, uztairik gabe eta buruan txanoa duela. Txoferra zirkuituaren gorabeherak kontatzen hasiko da: “kurba ezkerrera”, “kurba eskuinetara”, Putzuak daude”, “tunela”. Bidaiariak esandakoaren arabera mugituko dira. Txoferrak nahi dituen geltokien izenak esan ditzake, baino “Tolosako geltokia” esaterakoan, denak korrika abiatuko dira eta, seinale batean buelta eman ondoren, bidaiariak eta txoferra korrika autobuseko uztai banatan esertzen saiatuko dira. Uztairik gabe geratzen dena txofer bihurtuko da eta jolasak jarraitu egingo du.
LAU UZTAIETARA
Lau izkinetan jarritako uztaietan lau ume sartzen dira. Bosgarrena erdian geratzen da. Uztaietan daudenak tokiz aldatzen saiatuko dira eta erdian dagoenak hauek utzitako uztaian sartzeko ahaleginak egingo ditu. Hori lortzen duenean, uztairik gabe geratzen den haurra erdira eta horrela nahi den arte.
Oharra: Ume eta uztai gehiagorekin ere jolas daiteke.
UZTAI HARRAPAKETA
Ikasleak taldekatu egiten dira. Taldeek banaka hartzen dute pare. Taldea bitan zatitzen dugu. Erdien uztaia edukitzen dituzte. Bere arean, aurrez aurre, beste erdiak pala edo makila bana eskuetan dutela jartzen dira. Uztaia dutenek pala edo makila dutenei bota behar izaten dizkiete eta hauek harrapatu. Zenbat uztai makilan sartzea lortu, hainbat puntu irabazten dituzte.
Aldaera: Taldeko batek pala edo makila edukitzen du eta besteengandik hamar metro urruntzen da. Taldeko batek bost uztai botatzen dizkio eta pala edo makilarekin hartzen saiatzen da. Ondoren bere lekuan taldeko beste bat jartzen da uztaiak harrapatzen. Taldeko guztiak bi postuetatik pasatzen direnean, taldeak lortu dituen puntu guztiak batzen dira.
UZTAIEKIN UHARTETIK UHARTERA
Jolasa hasi aurretik lurrean bi marra egiten dira, bien artean hamar bat metro utziz. Talde bakoitzeko haurrak marra horietako baten atzean ilaran jartzen dira eta talde bakoitzeko lehenari hiru uztai ematen zaizkio. Orduan, ipuin bat kontatzen zaie, uharte batean daudela eta beste marrak erakusten duen irlara pasatu behar dutela, baina kontuz ibili behar dutela bi uharteen arteko itsasoa marrazoz josirik dagoelako. Marrazoen erasoetatik libratzeko, hankak uztai barruan dituztelakoan beharko dute irla batetik bestera. Hau azaldu ondoren, jolasa hasten da eta irlara binaka pasatzen hasten dira, lehenak uztaia aurrera botatzen du, bertan sartzen da eta bigarren uztai botatzen du aurrera bera hara aurreratuz; hirugarren uztaiaz berdin egingo du, orduan bere laguna bigarren uztaira pasatuko da eta bere atzean geratu dena jasoaz aurrean duen lagunari emango dio, prozesu hau irlara heldu arte errepikatuaz. Irlara heltzean, aurrera joan den haurra bertan geratuko da eta atzetik joan dena berriz, uztaiez uztai abiapuntura itzuliko da eta han beste taldekide bat hartu eta berarekin pasatuko da irlara. Prozesu hau taldeko guztiak beste uhartera pasatu arte errepikatuko da. Haur batek lurra uztaitik kanpo ukitzen badu, berriro itzuli beharko du hasierara. Bere parean duen irlara pasatzen denbora gutxien ematen duen taldea izango da irabazlea.