Txantxa-jolasak

BIZARGORRI

            Gela iluntzen saiatzen gara misterio giroa sortzen ahaleginduz. Ondoren, haur bat aukeratu eta begiak zapi batez estaltzen zaizkio. Jolasaren gidariak Bizargorri itsaslapur maltzurraren istorioa kontatuko du eta behin egin zuten abordaia azaldu. Beste itsasontzi bateko kapitainari heldu eta nolakoak egin zizkion kontatzen joango da. Gidariak Bizargorrirena egingo du, eta haurra beste itsasontziko kapitaina izango da. Bizargorri beste kapitaina torturatzen joango da eta benetan arituko balitz bezalako (minik egin gabe) keinuak egingo dizkio. Bitartean, zer egiteen ari zaion esango du. Lehenengo, bere hatza laban moduan erabiliz, eskuak moztuko dizkio, gero hankak eta abar. Hori guztia egiterakoan beldurrezko giroa sortzen saiatuko da. Beste guztiak egin ondoren, kapitainak gehiago ezin eraman eta, amorru biziz, Bizargorriri hatza begian sartu ziola azalduko du eta, aldi berean, haurraren hatza hartu eta ogi zati busti batean edo tomate baten barruan sartuko dio. Orduan, haurrak oihu egin beharko du. Taldeko besteak ikusleak izango dira.

Aldaera: Batzuek, begian sartu ordez, ipurtzuloan sartzen dion itxura egiten dute.

Oharra: Jolas hau bi edo hiru aldiz errepika daiteke. Kontalarien garrantzia izugarria da, entzulea istorioan sarrarazi behar du eta, horretarako, giro egokia bilatu...

 

DENDA ASMATZEN

            Haur guztiak borobil batean esertzen dira. Boluntario bat gelatik kanpora gelditzen da. Barruan daudenek denda mota bat aukeratzen dute eta, ondoren, bakoitzak denda horretan dagoen gauza bat aukeratzen du. Jarraian, kanpoan dagoena barrura sartu eta borobil erdian esertzen da. Orduan bakoitzak aukeratu duen gauzaren izena esaten du (denek batera) eta kanpoan egon denak zer denda mota izan den asmatu behar izaten du. Produktuen izenak batera ematen zaizkionez, ezin asmaturik ibiltzen da. Asmatzen ez badu, aldez aurretik pentsatutako proba bat egin behar izaten du.

 

ELEFANTEA

            Ikasleetako bat gelatik kanpora ateratzen da (horretarako prest dagoen bat baldin bada, hobe), eta besteei jolasa nola den azaltzen zaie. Beste hiru pertsona aukeratzen dira. Horietariko bik elefante itxura hartzen dute eta besteak pizti hezitzailearena (azkeneko hori monitoreetako bat ere izan daiteke). Elefantea osatzen duten ikasleak manta batez estaltzen dira. Bata elefantearen atzealdea eta bestea aurrealdea izaten dira. Aurreko aldekoak besoa erabiltzen du tronpa modura. Kanpoan zegoen ikaslea barrura sartzen denean, pizti hezitzaileak zirkoan dagoela azaltzen dio eta elefante bat dutela; eta zein azkarra den adierazteko hanka bat aulki baten gainera jasotzeko eskatzen dio elefanteari. Ondoren, beste ekintza zailago batekin probatzen dute; ikasleari lurrean jartzeko esaten zaio eta elefantea gainetik pasako zaiola, eta horrela egiten dute. Ondoren, oraindik zailago egin nahian, errepikatu egiten dute, baina azpian dagoen ikasleari begiak zapi batez estali behar zaizkio. Une horretan, elefantearen atzealdea osatzen duen ikasleari edalontzi bat ematen zaio ur pixka batekin eta ikaslearen gainetik pasatzerakoan ura gainera botatzen dio, elefanteak txiza egin izan balio bezala. Begira dauden ikasleek, elefantea zerbait egitera doan bakoitzean, danborra jotzen ari balira bezala egin dezakete, emozio handiagoa emanez.

 

ERLOJUAK

            Prest dagoen ikasle bat aukeratzen da jolasean parte hartzeko. Ondoren, erlojua eskatzen zaie baduten ikasleei eta gelan zehar jartzen dira, lurrean sakabanatuta. Aukeratutako ikaslea gelako alde batean jartzen da eta bere aurrean bi aulki eta horien gainean erratz bat. Ikasleari zer egin behar duen azaltzen zaio. Hasteko, erratzaren gainetik pasa eta gelako beste aldera iritsi behar du erlojuak zapaldu gabe. Baina hori oso erraza denez, zailagoa izateko, begiak itxita egin behar izaten du ondoren. Horretarako, lehenengo, begiak irekita dituela, bi edo hiru aldiz egiten du ibilbidea ondo ikasteko. Prest dagoenean, begiak estaltzen zaizkio eta oinetakoak kentzeko esan, erlojuren bat zapalduz gero hondatu ez dezan, Ibilbidea egiteko prestatu eta erratzaren gainetik pasatzeko prest dagoenean, hanka jasotzen duenean, beste aldean urez betetako palankana jartzen zaio eta hanka bertan sartzen du, busti-busti eginez.

Aldaera: Jolas honen bukaera alda daiteke. Ura jarri ordez, erloju guztiak jaso eta ibilbidea eginarazten zaio. Bera beldur handiz mugitzen da erlojuren bat zapaltzeko beldurrez eta gelan dauden guztiek “eskuinera”, “ezkerrera”, edo “kontuz” esaten diote, benetan erlojuak baleude bezala.

Oharra: Palankana jartzerakoan, kontu izan behar da benetan bere hanka parean jartzeko; palankana mugitzen bada, kontu handiz egin, bestela, uraren hotsa entzungo baitu.

 

INOZO SUDURLUZEA

            Ikasleak bikoteka jarriko ditugu. Lehenengo bikotea banatu egingo dugu: partaide bakoitza aurrez aurre dauden hormen ondoan kokatzen dugu. Gela ongi aztertzeko esango diegu, oinez eta begiak estalita elkartzea izango baitute eginkizun. Orduan, bi eskuak burla egiteko keinuak egiteko moduan jar ditzatela esango diegu; hau da, atzamar lodia sudurrean eta eskua zabal zabalik eta beste eskua segidan. Begiak estali eta bi minuturen buruan elkartu behar dute puntako atzamar txikiek elkar ukitzen dutelarik. Horretarako, beste ikasleek hitzez lagunduko diote bikoteari. Hori egin ondoren, bigarren bikotea hasiko da; baina hasi bezain laster, bikotearen partaide bat kendu egingo da, bestea konturatu gabe. Hortaz, bakarrik jardungo du, Besteek animatu egingo dute (hori!, horixe!, hortxe!, ezkerrera ez!, atzera!) kontura ez dadin.

 

MANTARENA

            Taldeko ikasle bat aukeratzen da. Bere gogoz agertzen bada, hobe. Kanpora ateratzen da eta bitartean besteei jolasa azaltzen zaie. Kanpoan dagoen ikaslea barrura sarrarazten dugu eta lurrean etzanda jartzeko esaten diogu, manta batez estalita. Orduan berak soinean duen zerbait pentsatu dugula guk eta zer den asmatu behar duela esaten zaio; pentsatuta daukaguna manta da. Asmatzen badu, bukatu egiten da jolasa, baina zerbait esan eta asmatzen ez badu, esan duen hori erantzi egin behar izaten du. Gehienetan, manta ez zaie bururatzen eta erdi biluzik gelditzen dira.

Aldaera: Kasu batzuetan, jolasa ezagutzen badute, egokia da mantaren ordez eta noizik behin beste arroparen bat pentsatzea.

Oharra: Bi edo hiru aldiz egiteko jolas egokia da. Horretarako, kanpora bakarra bidali ordez, hiru edo lau ume bidaltzen ditugu.

 

MOMIA

            Jolasa prestatzen dugun artean ikasleetako bat kanpora bidaltzen da. Ondoren momia itxurak egingo dituena lurrean etzanda jartzen da, besoak luzatuta eta eskuetan oinetakoak jarrita (hankak balira bezala). Oinen gainean baloi bat jartzen zaio burutzat, eta gero manta batez osorik estaltzen da. Gela iluntzea ere egokia da, misterio kutsua emateko. Kanpoan dagoen ikaslea barrura sartzen denean, jolasaren gidariak azaltzen dio Egiptoko momia zahar bat aurkitu dugula. Momia hori oso berezia da, asko daki eta dakien hori adierazi egin dezake galderak egiten bazaizkio. Buruarekin bai edo ez erantzuten du (oinen gainean duen baloia gora eta behera, edo ezker-eskuinera, mugituz). Orduan ikaslea momiaren sabel gainean eserarazten da, berak buru uste duenari (baloiari) begira eta galderak egiten hasten da. Denak isil-isilik egoten dira. Hiru edo lau galdera egin ondoren, bat-batean momiak bere benetako burua eta besoak jaso, ikaslearen atzetik, eta susto handi bat ematen dio.

Oharra: Ondo ateratzeko garrantzizkoa da giro egokia lortzea. Isiltasuna eta iluntasuna oso aproposak dira. Jolas gidariak, jolasaren berri ematerakoan, lagundu dezake giro hori lortzen. Jolas gidaria irakaslea edo ikasle bat izan daiteke.

 

POLIZIA ETA LAPURRA

           Bi jokalari mahai baten inguruan jarriko dira, begiak estalirik eta eskuak mahai gainean dituztela. Esango zaie bata polizia eta bestea lapurra direla eta, jakina, lapurrak poliziari ihes egin behar diola. Jokoan dagoen arau bakarra hauxe da: eskuak beti mahai gainean eduki behar dira. Kontua zera da: bi jokalariei, biei, belarrira lapurrak direla esatea. Biak elkarri ihes egiten saiatuko dira, taldearen barre algarak sortuz.

Aldaera: Jokoa, mahairik gabe, ikasgelan zehar ere egin daiteke.

  

TXILIBITUA NON OTE DAGO? 

            Talde osoa borobil batean jartzen da eserita. Ikasle bat kanpora bidaltzen da. Gidariak, bere atzealdean, gerrian txilibitua jartzen du, soka batetik zintzilik. Ikaslea gelan sartzen da eta esaten zaio asmatu behar duela txilibitua borobileko nork duen; eta, horretarako, pista modura, noizik eta behin norbaitek txilibitua joko duela. Hasten dira beste guztiak txilibitua pasatzen arituko balira bezala eta gidaria borobilean zehar ibiltzen da, parean egokitzen zaionak txilibitua jotzen duelarik. Txilibitua gidariak duela asmatzen duenean bukatzen da jolasa.

 

ISPILU SORGINDUA

Jolasa prestatzen dugun bitartean ikasleetako bat kanpora bidaltzen da.

Jolasa zertan den azaldu ondoren boluntario bat eskatzen da; horrek ispilu aurrean ariketa batzuk egiten dituen pertsonaren papera egingo du. Kanpoan egon dena sartzen denean, berak ispilu sorgindu baten papera egin behar duela esango diogu eta besteak egiten duenaren kontrakoa egin behar duela, bestea altxatzen denean bera eseri, besteak erratza gorantz jartzen badu, berak beherantz..., horrela minutu bat arituko dela, ea zenbat akats egiten dituen denbora horretan. Erraza dirudiela baina ez dela hain erraza ere esango diogu.

Jolasean ari denean, disimuluz bere aulki gainean zapi edo esponja busti bat jarriko dugu eta esertzen denean ipurdia bustiko du.

   

Materiala: bi aulki, bi erratz eta esponja edo zapi bustia. 

 

INBUTUAREN JOLASA 

Boluntario azaltzen denari hau abilezia jolasa dela esango diogu. Jokalariak kopetan jarritako txanpon bat inbutu baten barruan sartu behar du, baina eskuak atzean dituela (begiak estalita ere egin daiteke).

Hiru aukera ematen zaizkio lortu ahal izateko; azkenekoan ura botatzen zaio inbutuaren barruan eta pixa egin izan balu bezala geratzen da.

 

 

Materiala: inbutua, txanpona, edalontzia eta ura