Puxika-jolasak

EZKONTZARAKO KOTXEA

            Soka batean puxika batzuk korapilatzen dira. Ume bat (kotxea) gerrikoan lotzen zaio soka. Besteak puxikak lehertzen saiatuko dira eta “kotxea” korrika puxikak puztuak mantentzen. Puxikak lehertu gabe gehien irauten duen “kotxeak” irabaziko du.

 

PUTZ EGINAZ ERAMAN

            Lurrean, elkarrengandik bost bat metrora, bi uztai txiki jartzen dira. Talde bat bi uztaien ondoan banatzen da. Puxika puzten da eta uztai barruan jartzen da; hau egin ondoren, taldekide batek putz eginez puxika parean duen uztai barruraino eraman behar du; bere taldekide batek modu berean hasierako uztairaino itzuli behar du. Uztaia ezin da ukitu; putz egin daiteke, besteri ez. Jolasaren irabazlea, taldekide guztiak parte hartuta eraman-ekarri guztiak denbora gutxienean egiten dituen taldea izango da.

 

PUXIKA DANTZA

            Haur bakoitzari puxika bat lotzen zaio oinean eta, musika hasten denean, dantzan hasten da. Dantzan ari den bitartean, gainontzekoen puxikak lehertzen saiatuko da. Puxika lehertu gabe geratzen den azken dantzaria da irabazlea.

 

PUXIKA HEGALARIA

            Zelaia mugatua izango da, bi zatitan banatua. Bi talde egongo dira zelaiaren bi aldeetan zehar sakabanaturik. Zelai erditik puxika gorantz botatzen denean hasiko da jolasa. Jokalariek gorputzaren edozein atalez jo dezakete puxika, baina ezin dute hartu. Puxikak aurkako taldearen zelai zatiaren atzeko marra pasatzea lortzen duen taldeak puntu bat eskuratuko du.

 

ROBOTA PUXIKAREN BILA

            Ume bat, begiak zapiaz estalita, “robota” izango da eta beste bat bere gidaria. Jolaslekuko zelaitxoan puxika bat uzten da eta, gidariak aginduak emanez, robota puxika leherraraztera eramango du. Ea zenbat denbora behar duen bikote bakoitzak.