Peter Pan
Jolas honetan Peter Pan ipuineko pertsonaiez osatutako horma-irudi bat erabiltzen dugu. Horma-irudi horretan laurogeita hamasei lauki daude. Taldeek, txandaka (talde barruan ere txandaka, ez beti ikasle berak), dado handi bat bota eta ateratzen den kopuruaren arabera egingo dute aurrera laukietan. Lauki jakin batzuetara iritsiz gero, horma-irudiko marrazkiak adierazitakoaren arabera automatikoki aurrera edo atzera egin beharko dute. Lauki batetik bestera mugitu ahal izateko, jokalariek suertatzen zaizkien probak edo lanak bete beharko dituzte; batzuek bakarkako lana eskatzen dute eta beste batzuk, berriz, taldean burutzekoak dira. Bakarkako lana dadoa bota duenak egingo du. Gainditu beharreko probak era askotakoak dira: mozorrotu, pertsonaiak imitatu, marrazkiak egin, mezu ezkutuak asmatu eta aginduak bete, abestu, aho-korapiloak errepikatu, asmakizunak igarri, matematikako eragiketak egin... Proba gainditzeko denbora jakina dute. Proba gainditzen duen taldeak berriro jokatzeko aukera du; gainditzen ez duena, berriz, lauki berean geldituko da hurrengo proba gainditu edo dadoaren emaitzak horretarako aukera eman arte. Helburua ibilbidearen amaierara lehenengo iristea da.
Aldaera: Jokoak luze jotzen badu, dadoak ematen duen kopurua bikoiztu egiten da, lehenago bukatzeko.