Musika-jolasak
Abeslarien jolasa
Talde bakoitzari hainbat abeslari eta talde dituen izen zerrenda bat ematen zaio. Gero, monitoreak aurretik prestatua dagoen CD-a jarriko du musika ekipoan. CD horretan umeei eman zaien zerrendan agertzen diren abeslarien abesti ezagun batzuen zatiak egongo dira. Talde bakoitzak bere zerrendako izenekin lotu beharko ditu entzuten dituen abesti zatiak. CD-a bukatu ondoren, monitoreak zerrenda jaso eta erantzunak aztertuko ditu.
Animalia masajea
Jokoaren xedea lasaitasuna lortu eta gustura egotea da. Horretarako gela handi bat behar da: zorua etzanda egoteko atsegina izan dadila, ahal bada alfonbraduna hobe. Hasteko, partaideek bikoteak osatuko dituzte. Gelan zehar banatuko dira, bikoteko bat etzanda ahuspez eta bestea bere alboan belauniko. Belauniko dagoenak masajea emango dio besteari. Etzanda dagoenak gerritik gora kamiseta bakarrik edukitzea komeni da, igurtzia nabaritu ahal izateko. Prest daudenean, iluntasun pixka bat jartzen saiatu eta isiltasuna lortu. Ondoren, zer egingo dugun azaldu eta erlajazio saioetan erabiltzen den musika jarri. Etzanda daudenek begiak itxita edukitzea komeni da. Une horretan istorio bat asmatu eta kontatzen hasiko gara. Bertan kontatzen denaren arabera emango dituzte igurtziak belauniko daudenek, aipatzen den animaliaren mugimenduak edo ibilerak lagunaren bizkar gainean irudikatuz. Istorioaren adibidea: “Udazkeneko goiz batean gaude, zerua iluntzen ari da eta zirimiri goxoa nabaritzen hasi gara. Tantak poliki-poliki laztanduz bezala erortzen dira. Baina, pixkanaka, euria indar handiagoz ari du, eta laster zaparrada bihurtu da: bazter guztiak blai eginda uzten dituen zaparrada. Zaparrada ederra bota du, baina orain ateri da. Euriaren freskurak animatuta barraskiloak eta bareak bere gordelekuetatik atera dira. Hor doaz, belar bustien artean astiro-astiro... Txantxangorriak eta buztanikarak ere bere gordeleku diren sasi eta zuhaitzetatik irten eta saltoka ari dira, pozik, janaria aurkitu nahian, lurrean aztarrika. Bertan, zizare txikiak eta harrak ihes egin nahian korrika dabiltza, alde batetik bestera. Belarretan satitsuak (sagu antzeko txiki txikiak), ezkutaketan jolasten ariko balira bezala, azkar eta arin dabiltza, landare arteko zirrikituetatik. Baina, pixkanaka eguzkia berotzen hasi da, eta sugandilak eguzkia hartzera atera dira. Gustuko horma aurkitu dute eta bertan poliki-poliki mugitzen dira, nagiak botatzen ariko balira bezala. Bat-batean suge luze bat atera da, eta sagu, sugandila eta txantxangorriak, denek agudo alde egiten dute ikaraturik. Sugeak, ezer pasako ez balitz bezala, lasaitasun osoz bidea zeharkatzen du, lasai, lasai eta “sssssss” handiak eginez. Sasi batzuen artean gorde da eta gu zuhaitzen artera hurbiltzen gara. Bertan katagorria ikusten dugu. Pago batetik jaitsi eta lurreko intxaur eta gaztainak biltzen ari da, bizkor-bizkor. Fruitu bat hartu eta zuhaitzera igotzen da, han daukan zuloan gorde eta beste baten bila jaisten da. Berari begira gaude pago ipurdi batean eserita. Hego haizeak jotzen du gogor eta zuhaitzetako hostoak erortzen ari dira gure gainera. Hosto pila erortzen ari da, baina pixkanaka haizea baretuz doa, une honetan zuhaitzetatik erortzen diren hostoek lumak dirudite, gozotasunez laztantzen gaituzten lumak”.
Pixka batean musika utzi, bakoitza bere onera lasaitasunez etor dadin.
Oharra:
Oso garrantzitsua da saioan zehar isiltasuna mantentzea eta masajea eman behar duenak ahalegina egitea eta minik ez ematea. Jarraian edo beste une batean (bigarren aukera hobe) saioa errepikatu egin beharko da, denek izan dezaten aukera masajea jasotzeko.
Erloju dantza
Talde osoa gelaren inguruan jartzen da, partaide bakoitzak erloju bat eskuetan duela. Ordua adierazten duten fitxak lurrean egoten dira, azpizkoz gain. Jolas zuzendariak bat hartzen du eta jartzen duen ordua ozenki irakurtzen du. Aipatutako ordua adierazten duen erlojua duenak altxatzen du bigarren fitxa, dantza-laguna aukeratzeko. Horrela, bada, musika jartzen da eta pieza bat dantzatzeari ekiten diote. Pieza bukatzen denean, bigarren partaideak aukeratzen du fitxa. Eta jolasean jarraitzen da kide guztiek parte hartu arte.
Aldaera:
1.- Jokalariek erlojua eduki beharrean esku artean fitxak eduki ditzakete. Kasu horretan, lurrean erlojuak jartzen ditugu.
2.- Orduari dagokion erloju fitxa, irakurri duenak aurkitu behar du.
3.- Ume bakoitzak bere erlojua eta honi dagokion orduaren fitxa egin behar izaten ditu.
Oharra:
Musika piezek
berrogeina segundo irauten dute. Abestiak era askotakoak izaten dira. Garrantzi
handia du monitorea
ere jokalari izateak, sortzen den giroak ume batzuk lotsarazi egiten baititu.
Erratz dantza
Ikasleak dantzalekuan zehar sakabanatuko dira, beti
kopuru bakoitian. Dantzalekuko toki jakin batean erratz bat dago. Irakasleak
musika jartzerakoan, ikasleek bikotekidea bilatzeari ekiten diote. Bikotea osatu
gabe geratzen den ikasleak erratzarekin egin behar du dantza. Irakasleak musika
geratzerakoan, ikasle guztiak bikotez aldatzera derrigortuta daude, baita
erratza duena ere, berriro aurreko egoera errepikatzen delarik.
Estatuak
Musika jarri eta bikoteak dantzan hasten dira.
Musika isiltzen denean gelditu egin behar dute. Musika gabeko edozein mugimenduk
kanporatzea dakar berekin. Jolasa bikote bat bakarrik geratu arte jarraitzen da.
Aldaera:
Haur kopurua bakoitia izanez gero, bikotea osatzerik ez duenak erratz batekin egin dezake dantza. Txalo jotzerakoan, bikote aldaketa egingo da.
Patata dantza
Neska-mutilak binaka elkartu eta dantzatu egin behar dituzte entzuten dituzten soinuak. Dantzariek bekoki artean patata bat dute eta saiatu behar dute patata ez dadin erori. Patata erortzen zaienean, bikotea kaleratua gelditzen da. Denbora gehien irauten duen bikotea izango da txapelduna.