|
Kaxintaren jolasa |
|
|
|
Euskararen erabileraren neurketa jolasari “Kaxinta” deitzen diogu, Kaxinta baita, hain zuzen, gure maskota berria. Kaxinta oilo bat da, bizikleta baten gainean ibiltzen den oiloa. Oiloa da Alkizako biztanleak oiloak omen direlako. Eta txirrindularia, Alkizak txirrindulari munduan tradizio handia duelako: Euskal Herriko itzulietan eta beste zenbait probatan mendi-pasabide ezaguna da; iraileko festetan txirrindulari igoera ospetsu bat antolatzen da bertan; ehundaka txirrindulari afizionatu pasatzen da bertatik; eta Abraham Olanoren gazte garaiko entrenamendu gunea izan zen, besteak beste. Alkizara datozen ikasleen erronka nagusia Kaxintak asmatutako “Kaxintaren Errekorra” haustea da. Talde guztiek ahalegin bat egiten dute azken egunean, aurretik beste talderen batek ezarrita duen “errekor” hori hausten. Errekorra kilometrotan neurtzen da, eta kilometro horiek “rodillo” baten gaineko bizikleta batean egingo dira. Ikasle bakoitzak eginiko metroen batuketa izango da taldearen marka. Baina, horretarako, bizikleta eta gainerako tramankuluez gain, DENBORA behar da . Zenbat eta denbora gehiago pilatu, orduan eta aukera gehiago izango dute errekorra gainditzeko. Eta denbora pilatzea izango da, hain zuzen, egonaldiaren bost egunetako eginbehar nagusia. Horretarako bi bide izango dituzte: |
A)
Norberaren erabilpenaren kontrol-orria.
Goizero auto-ebaluazio bat egiten dugu, aurreko egunean euskara zenbat erabili dugun aztertzeko. Hizkuntza guneak eta uneak bereziko ditugu, logela, jolaslekua, jantokia, jolas edo ekintza jakin bat egiteko unea, eta abar. Zozketa baten bidez, horietatik lau aukeratuko dira, eta lau horietako bakoitzari kolore bat adierazi behar dio ikasleak bere orrian duen ordularian: dena euskaraz egin badu, horia; berdea, dexente egin badu; eta, urdina, gutxi egin badu. Kolore bakoitzari segundo kopuru jakin bat dagokio, eta lauren batuketa izango da ikasle horrek taldeari egun horretan egindako ekarpena.
Beste orri batean eguneko taldearen arduradunak taldeko ikasle guztien batuketa egingo du, eta ondoren talde bakoitzak duen egurrezko ordulari handian islatuko da denbora hori. Amaitzeko Kaxinta marraztuta dugun egurrezko panel handian adieraziko dugu guztien artean pilatuta daramagun denbora.

Margolari batek margotutako Alkizaren inguruari buruzko irudi batekin eginiko ibilbide bat dugu. Ibilbide horretan 25 laukitxo daude, eta horietan zehar sakabanaturik, Kaxinta oiloaren 5 irudi. Irudia duen laukitxo batera iristen direnean, taldearen erlojuan segundo kopuru jakin bat aurreratzen dute (20-30 segundo). Ibilbideari itzuli oso bat emandakoan, minutu bat aurreratzen dute. Laukitxoetan aurreratzeko bi bide daude:
a) Egonaldian zehar taldeka egiten dugun zenbait jolasetan, lehen sailkatuak hiru laukitxo aurreratuko du, bigarrenak bi, eta hirugarrenak bat.
b) Goizero norberaren auto-ebaluazioa egitean, bai beraien irakasleek, eta bai monitoreek ere, taldeka aurreko eguneko euskararen erabileraren balorazio bat egiten dugu, eta horren arabera, talde bakoitzak bi laukitxo edo bat aurrera dezake, edo bat ere ez. Une horretaz baliatzen gara, azaltzen ari diren jarreragatik animatu, zoriondu, edota ikasleekin hitz egiteko.
Eta ostiral arratsaldeetan ogitartekoa jan ondoren, etxera joan aurretik, banan-banan pilatuta duten denbora ikasle guztien artean banatuta, bizikletaren gainean saioa egiten dute. Kilometro zenbatzaile bat dugu bizikletan, eta guk aldez aurretik zein den ezarritako errekorra adierazita diegularik, jo ta ke aritzen dira.