Jolas mugikorrak

AIREA, URA, LURRA ETA SUA

            Bi talde egingo ditugu eta aurrez aurre eseriko dira, lerro banatan. Batari A taldea eta besteari B taldea deituko diegu. A taldeko batek B taldeko edonori, eta alderantziz, pilota botako dio, airea, ura, lurra edo sua esanez. Airea, lurra edo ura esaten badu, pilota hartzen duenak ingurugiro horretan bizi den animalia edo landare baten izena esan beharko du.

Adibidez: A taldekoak: airea; B taldekoak arranoa. B taldekoak ura; A koek amuarraina. A taldekoek lurra; B taldekoak sugea. Sua esaten denean isilik egon behar da, horrek ez baitauka erantzunik. Huts egiten duena kanporaturik gelditzen da.

 

AMA ETA UMEA

            Haur guztiak binaka jartzen dira; bikote bakoitzean batek amarena egingo du eta besteak umearena. Ama guztiei begiak estaltzen zaizkie eta umeak gelan zehar banatzen dira. Jolasari hasiera ematean, haurrek negar egingo dute eta ma bakoitzak bere umea ezagutu eta aurkitu beharko du. Umeak ezin dira mugitu eta amek ezin dituzte umeak ukitu.

ANIMALIA BIKOTEAK

            Paper zatiak prestatu ondoren, animalien izenak jartzen dira, animalia bakoitzeko bi paper ipiniz. Paperak jokalari guztien artean banatzen dira. Bakoitzak bere papera irakurri ondoren, begiak estaliko ditu zapi batez, eta jolasa amaitu arte horrela egongo da. Jolasaren gidariak hasteko agindua ematean, animalia bakoitza bere oihu berezia egiten hasten da, bere kidea aurkitzeko asmotan. Aurkitutakoan, bazterreratu egingo dira. Amaitutakoan, bakoitzak, bilatzea egokitu zaion animaliaren oihua egingo du beste guztien aurrean.

Aldaera: Begiak estali gabe egin daiteke. Paperak banatu gabe ere bai, bikote bakoitzak nahi duen animalia aukeratuz.

 

ARRATOIA ETA KATUA

            Taldea korruan dago eserita edo zutik; batek pilota mugimenduan jartzen du, eskuz esku borobilean. Hirugarren edo laugarren esku aldaketan, pilota mugimenduan jarri duen partaide berak, baloi bat jartzen du eskuz esku biraka pilotaren norabide berean. Helburua baloiak pilota harrapatzea da. Pilota eta baloia, biak batera, eskuetan dituen partaideak galtzen du. Korrutik irteten da edo agindu bat jartzen zaio bete dezan.

Aldaera: Zutik jolas eginez, baloiak pilota harrapatzen duenean, biak eskuetan dituen partaidea eseri egiten da eta jolasak jarraitu egiten du. Pilota eta baloia lurrera erori gabe eskuz esku pasatu behar dira, baina eserita daudenek egiten duten oztopoa gaindituz. Pilota eta baloia pertsona berak jar ditzake mugimenduan edo korruan aurrez aurre dauden bi haurrek batera, bakoitzak bere eskuinekoari pasatuz.

 

BIKOTEKIDEA BILATU

            Bikote ezagunen fitxak prestatu behar dira: Zipi-Zape, Tapia eta Leturia, Txip-Txop... Jokalari haina bikote. Jokalari guztiak gelatik irteten dira. Gelan jokalari bakoitzarentzat aulki bat ipintzen da, gelan sakabanaturik, eta bakoitzean pertsonaia baten fitxa. Kanpoan jokalariei barruko pertsonaien bikotekidek banatzen zaizkie. Gidariak esandakoan, gelan sartu eta eman dieten pertsonaiaren bikotekidea bilatu. Azkena esertzen diren biek elkarrekin dantza egin behar dute.

BOTIL EROA

            Sei jokalari esertzen dira bata bestearengandik oso gertu, borobila osatuz; erdian beste jokalari bat zutik, zurrun eta besoak gorputzari lotuta (botila). Eseritakoek zangoekin lotzen dituzte botilaren zangoak; gero bultza egiten diote besteen gainean eror dadin. Botilaren azpian geratzen dena botila bihurtzen da.

ESTATUA

            Partaide bat eskultorea eta bestea materiala izango da. Hasi aurretik bien artean eskultura non ipiniko den erabakiko dute (mendi baten tontorrean, herrixka baten plazan, museo batean...). Materiala hasieran moldakorra izango da, baina gero eta moldakaitzago bihurtuko da denborarekin. Estatuak sugestionatu egin dezake eta jarreraz kexa daiteke. Estatuak egin ondoren, eskultoreak eskulturak ikusten joango dira. Adierazten dutena asmatzeko, estatuekin hitz egingo dute, zer sentitzen duten, zer ikusten duten, etab. galdetuz.