Harrapaketak eta lasterketak
ARMIARMA ETA EULIAK
Zelaia (armiarmaren eremua) esparru mugatua izango da, errektangeluarra. Haur bat armiarma izango da eta besteak euliak. Armiarma barruan egongo da eta euli guztiak kanpoan errektanguluaren alde labur baten atzean. Armiarmak ezin izango du irten bere esparrutik. Armiarmak “armiarma” oihukatzen duenean, euliak beste aldera abiatuko dira korrika. Heldu baino lehen armiarmak ukituriko euliak “hilda” geratuko dira eta horiekin armiarma sarea osatuko da. Sarea osatzen duten euliek ezin izango dute mugitu eta besoak gurutzean eskuak emanda eta zangoak zabalik izango dituzte beste euliak pasatzeko moduan.
Oharra: Euliek ezin izango dute atzera egin. Jolasa berriro hasiz gero, harrapatutako lehenengo eulia armiarma izango da.
MAMUAK ESNATZEN
Bi talde egiten dira, alde batean mamuak eta bestean ume bihurriak. Mamuak lotan daude, zutik, beso bat luzatuta eta begiak itxita. Beste aldean, marraz seinalatutako beste toki batean, bihurriak. Bihurri bat mamuengana joango da eta nahi duen mamuaren eskua ukituko du. Ukitua izan den mamua esnatu egingo da eta korrika hasiko da bihurria harrapatu nahian. Bihurrien tokira iritsi baino lehen harrapatzen badu, bihurria kanpora. Ez badu harrapatzen, mamua galtzaile. Jolasa mamu edo bihurri talde osoa kanporatuta dagoenean bukatzen da.
MEZULARIAK
Zelai handi samar bat aukeratzen da baina mugak jarri behar zaizkio. Jokalariak bi taldetan banatzen dira: talde bat “mezulariez” osatuta egoten da eta bestea “harrapariez”. Talde bakoitzak bere kapitaina aukeratu eta zelaiaren beste izkinan jartzen da. Mezulariek mezu bat daukate bere kapitainari eramateko (mezua esaldi bat izaten da baina hitzez hitz zatitu eta hitz bakoitza papertxo banatan idatzita). Mezulari bakoitzak esaldiaren hitz bat eramaten dio kapitainari (hitz bakoitzetik sei kopia edo egiten dira eta paper zuri batzuk ere jartzen dira). Mezulari guztiak, batera eta papertxo bana eskuetan dutela, marra beretik ateratzen dira korrika bere kapitainari mezua eramateko asmoarekin; baina zelaian zehar harrapariak egoten dira mezua harrapatzeko prest; hauek ere zelaiaren beste izkinan daukaten bere kapitainari mezua eramateko. Esaldia osatzen lortzen duen kapitainaren taldea izaten da txapelduna; bestela, hitz gehien eskuratzen dituenarena.
Aldaera: Harrapariak piratak izaten dira eta hauen ekipoan ez da kapitainik egoten. Irabazlea mezua lehenengo deszifratzen duena izaten da.
Oharra: Ez mezulariek, ez harrapariek ezin izaten dute atzerantz joan.
OINETAKO BILA
Jokalari guztiak taldeka jarri, oinetakoak kendu eta zelaiaren mutur batean piloan eta nahastuta uzten dituzte. Jolasa hasterakoan, talde bakoitzeko bat korrika abiatzen da zelaiaren mutur batetik bestea. Bere oinetakoak aurkitu eta ondo jantzi ondoren, bere taldeko hurrengoarengana korrika joan eta eskuan ukituko du. Horrela taldeko guztiek oinetakoak jarri arte. Azkarren egiten duen taldeak irabazten du.
Aldaera: Gelan egiteko, oinetako guztiak gela erdira bota eta nahastu. Seinalea entzuterakoan oinetako bila hasiko dira. Aurkitu, jantzi eta lotzen dituen lehenengoa izango da irabazle. Azkenak agindu bat bete beharko du.