Beisbola

                                        

      Ikasleak taldeka banatzen dira. Zelai handi batean zortzi bat uztai jartzen dira borobil bat osatuz eta batetik bestera distantzia bat utziz. Uztai bat izaten da abiapuntua. Abiapuntuko uztaitik lau bat metrora, borobilaren erdi aldera, beste uztai bat jartzen da. Uztai horretan pilota jaurtitzailea egoten da. Hiru edo lau taldek har dezakete parte batea:Talde batek "bateatu" egiten du;hiru aukera izaten ditu partaide bakoitzak palaz pilotari ondo emateko. Pilota aurrera joaten bada, behar bezala, jokalaria korrika abiatzen da uztaiz uztai hanka bat edo biak uztai barruan sartuz. Baina erne ibili behar izaten du pilota jaurtitzaileak pilota eskuratzen duenerako base batean geldik egon behar izaten duelako. Hala ez bada kanporatua gelditzen da hurrengo txanda heldu arte. Beste talde bateko partaideren batek (pilota jasotzaileak) pilota airean harrapatzen badu talde osoa eliminatzen da. Bi taldekidek base berean egiten badute topo, sartzen den azkena eliminatu egiten da. Buelta osoa ematea lortzen duen jokalariari puntu bat ematen zaio. Pilota jasotze lanetan aritzen da bigarren taldea; zelaian zehar sakabanatuta egoten dira taldeko partaide guztiak bat izan ezik: pilota jaurtitzailea. Azken hau bere uztaian egoten da eta bere taldekideek ekarri behar izaten diote pilota. Pilota jasotzen duenean, makurtu pilotarekin zorua ukitu eta “geldi” esan behar izaten du. Hirugarren taldeak bijilatu egin behar izaten du eta une horretan "bateatzen" ari diren partaideek hanka baseetan sartzen duten ala ez. Laugarren taldeak egindako bueltak markadore batean apuntatzen ditu. Talde bateko partaide guztiek "bateatzen" dutenean, eginkizunak aldatu egiten dira eta beste batzuk izaten dira "bateatzaileak", beste batzuk jasotzaileak, etab.