Baloi - jolasak

 

Brilea

   Jokalariak bi taldetan banatzen dira, batak bestearen aurka jolas egiteko. Zelaiaren erdian marra bat egiten da eta muturretatik hurbil, alde bakoitzean, beste bana. Horrela zelaia lau zatitan banatuta gelditzen da. Talde bakoitzak kapitain bat aukeratzen du eta hauek zelaiaren bi muturretan jartzen dira, marren atzeko aldean. Taldeko beste partaideak erdiko marraren ezker eta eskuin aldean banatzen dira, bere kapitainaren ondoan izan barik, beste aldean. Dena prest dagoenean, talde bateko kapitainak baloia bota eta beste taldeko norbait jotzeko ahalegina egiten du. Baloia hartzen dutenek, beste taldekoak jo eta kanporatzen saiatzen dira. Baloiak norbait jotzen badu, kapitainaren tokira pasatzen da kanporatutakoa, eta kapitaina bere taldekoengana. Kanporatuta dagoen norbaitek beste bat jotzea lortzen badu, libratu egiten da. Baloia airean harrapatuz gero, ez da kaleratzen. Jokalari guztiak kanporatuta dituen taldeak galtzen du. Norbait kaleratzen duenak, berak egiten du hurrengo jaurtiketa.

Aldaera:

1.- Jolasa laburrago izateko, kanporatzen direnei libratzeko aukera bat bakarrik ematea ere badago. Kaleratu eta lehen aldiz baloia botatzen dutenean ez badute inor jotzen, ezin dira libratu.

2.- Nori kasua lantzeko erabil daiteke, baloia pasa aurretik nori doakion adieraziz.

3.-Jokalariak bikoteka, baten ezkerreko oina bestearen eskuinekoari lotuta.

Oharra:

         Taldeak egiteko zozketa formularen bat erabili: abestiak, oinak, zotzak eta e.a. Talde batek zelaia aukeratuko du eta besteak hasteko aukera izango du.

 

Ehiztariak eta erbiak

         Ikasleak bi taldetan banatzen dira, batzuk ehiztariak dira (sei adibidez), eta besteak erbiak (hogei). Ehiztari bakoitzak bi baloi txiki ditu eskuetan (baloi gehiago izan daitezke). Erbiek korrika alde egiten duten bitartean, ehiztariak atzetik segika doaz. Ehiztariak erbia harrapatzeko baloia bota eta jo egin behar du. Erbi gehien harrapatzen duen ehiztari taldeak irabazten du.

 

Erdikoa hustu

         Lurrean bi zirkulu egiten ditugu, bata bestea baino txikiagoa. Ume talde bat barruan sartzen da eta beste talde bat kanpokoaren inguruan jartzen da. Kanpokoek baloi bat daukate eta erdian daudenak baloiarekin jotzen saiatzen dira. Jo ahala kanporatu egiten dira, barruko zirkulua hustu arte. Husteko denbora gutxien behar izaten duen taldeak irabazten du.

 

Lehergailua

         Jokalariek borobil bat osatzen dute, zutik, ikasle bat izan ezik; hau lurrean esertzen da, borobilaren erdian. Jolasa hasten da: borobila. osatzen duten ikasleen artean baloia pasatzen hasten dira eskuz-esku. Bitartean borobil erdian dagoen ikasleak, berari iruditzen zaionean, PREST hitza esaten du; handik beste denbora pixka batera BONBA hitza botatzen du eta, azkenik, BUUUUUUUUMMMMMM oihukatzen du. Une horretan baloia eskuetan duen ikaslea kanporatuta geratzen da, eta dagoen tokian bertan esertzen da bere bi hankak elkartu eta luzatuz. Berriro ekiten zaio jolasari eta kanporatuta dagoen jokalariaren ezkerrean dagoenak, hurrengoari baloia pasa behar dionean, eserita dagoen ikaslearen hanken gainetik salto eginez pasatu eta eskura eman behar dio. Itzultzerakoan ere hanka gainetik salto eginez etorri behar izaten du bere lekura. Ikasle bakarra geratzen denean bukatzen da jolasa.

Aldaera:

         Erdikoari kutxa batean proba desberdin batzuk uzten zaizkio eta galtzaile bakoitzak besteen aurrean proba bat bete behar izaten du. Honek jolasari beste motibazio bat ematen dio.

Oharra:

         Lurrean eserita egon behar denez, zelaiak lehor egon behar du.

 

Txibiri-txibiri

         Batek baloia hartu eta, gora botaz,  “txibiri-txibiri Amaiarentzat” esango du ozenki. Orduan, Amaiak baloia hartzera joan beharko du. Airean harrapatuz gero, beste norbaiti botatzen dio, baina berak baloia hartzen duen artean beste jokalariak ahalik eta urrutien alde egiten saiatuko dira. Baloia eskutan duenean, “geldi” esan eta denak geldituko dira. Orduan, hurbilen dagoenarenganantz hiru pauso eman eta baloiarekin hura jotzen saiatuko da. Jotzen ez badu edo honek baloia harrapatuz gero, bota duenaren hutsa da; bestela, bestearena. Hiru huts onartzen dira, eta laugarrenean kanporatuta gelditzen da. Lehenengo hutsa egin duenak “odola” duela esango dugu, bigarrenarekin “zauria”, hirugarrenarekin “larri”, eta laugarrenean “hilda”.

Aldaera:

         Jo dutena, edo bota eta kale egin duena zuzenean kanpora.

Oharra:

         “Norentzat, norentzat” eta “Noria” izenarekin ere ezagutzen da jolas hau.